euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Argitalpen-data: 2015/07/10

EGOD egitasmoaren emaitzen aurkepena

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Martínez de Lunak, EGOD egitasmoaren zuzendariak, eta Xabier Erizek, EGOD lantaldeko kideak, EGOD egitasmoaren (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketa) emaitzen txostenaren aurkezpena egin dute gaur Donostian.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdirako lan-programa zehatza aurkeztu zuen legealdi hasieran, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian lehenik, eta Euskararen Aholku Batzordean ondoren. Lan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zenetariko bat izan zen, euskal gizartean euskarari buruz dauden diskurtsoen lanketa egitea, eta diskurtso ezberdinen arteko kontrastea eta eztabaida bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenarekin.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskararen Aholku Batzordeari 2013an bertan izandako lehen bilkuran (2015-06-28) aurkezturiko dokumentuak hitzez hitz dioenez, euskararen gaineko diskurtsoen lanketa “gure hizkuntza politikaren oinarrian dagoen Euskara 21 gogoeta prozesuarekin zuzenean lotzen da, euskararen inguruko diskurtsoak bateratze bidean jartzeko ahaleginak, gogoeta sakonaz gain, adostasun sozial eta politiko zabal baten premia onartzea eta mamitzea eskatzen baitu”.

Aipatutako 2013ko lehen Batzar horretan Euskararen Aholku Batzordeak, HPSk hala proposatuta, onartu zuen 2013-2014 aldirako lan programa, eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen ere, honelaxe definituta onartu zen: “euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Eginkizun hori garatzearen ardura Euskara 21 Batzorde-atalaren esku jarri zen.

Eginkizun hori aurrera eramateko “Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa” (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zen martxan. Egitasmo horren zuzendaria Euskara 21 Batzorde-atalaren zuzendaria bera da, gaur prentsaurrekoan egon den ikertzailea, Iñaki Martínez de Luna, sona eta onespen handiko soziolinguista. EGOD egitasmoak euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea du helburu.

Horrela batailatu dira bost multzo edo diskurtsoak: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia

ONDORIO NAGUSIAK

Patxi Baztarrika sailburuordeak EGOD egitasmoaren emaitzetatik atera daitezkeen ondorio nagusiak azaldu ditu gaur goizeko prentsaurrekoan: “Adostasun sozial eta politiko zabalik gabe ez zen EAEn hiru hamarkadotan euskara iritsi den tokira iritsiko. Positiboki baloratzen dugu hau. Erronka berriak ditugu aurrera jarraitzeko eta eraginkorrak izan nahi badugu, daukaguna baino adostasun handiagoa behar dugu.

Eta gehitu du: “EGODen hipotesia hauxe zen: “Euskal gizartean badago diskurtso berritu, partekatu eta ongi sustraituriko bat osatzeko aukera”. Emaitzek frogatu dute hipotesi horren betetze maila altua dela. EGOD egitasmoan parte hartu dutenen aldetik babes handiena jaso duten ardatz estrategikoak honakoak dira:

  1. Elkarkidetzan oinarritutako diskurtso euskaltzalea sendotu behar da, guztion hizkuntza eskubideak eta elkarrenganako errespetuan oinarrituta.
  2. "Euskara beharrezkoa dela" pentsaeratik, "hizkuntzak beharrezkoak dira" pentsamoldera aldatu eta aniztasunaren eta eleaniztasunaren balioa indartu.
  3. Hizkuntza-politika eztabaida ideologikotik, ika-mika zein interes alderdikoietatik ateratzea eta oinarrizko akordio zabal batekin babestea.
  4. Ikuspegi identitarioa ikusmolde berrietara zabaldu eta osatu, egunerokotasunean interesgarri suertatzen diren espazioak eraikiz; planteamendu funtzionalak bultzatuz, enpresa munduan kasu batzuetan egiten ari den bezala: bezeroari zerbitzu hobea eskaintzea…
  5. Berezko esanahi komunitarioa, atxiki ohi zaion eremuarena baino askoz zabalagoa da: abertzaletasunaren ikurra izatetik, herritar guztien ikurra izatera jauzi eginez; euskara ez da aukera ideologiko batzuen ondarea, guztiena baizik.
  6. Euskara balio positiboekin eta bizipen gustagarri pertsonalekin lotu; derrigortasunetik eta eginkizunetatik (ikasketak, lana…) bizitzaren bestelako eremuetara zabaldu: gozagarria, plazera, balore sozialekin eta funtzionalitatearekin lotua.
  7. Euskararen hautemate eta irudia hobetu, arreta batez ere gazte jendearengan jarriz. Horretarako, bereziki garrantzitsua da gizarte eredu berrituak eskaini eta euskararen hautemate eta irudia hobetzea: erakargarria, modernitatea…
  8. Hiper-zuzentasuna atzean utzi eta hizkuntza multifuntzionala, espresiboa, biziagoa, komunikatiboagoa bultzatu. Horrek, erabilerarako deserosotasuna arindu eta erabilera bera areagotzen lagunduko luke.
  9. Gizartean nagusi den euskararen gaineko bortizkeria sinbolikoa gainditzeko estrategia osatu eta abian jarri, horrela hizkuntza menperatua izatearen konplexua astintzeko eta hizkuntza horretan duintasunez bizi ahal izateko.”

 

Euskadi, auzolana