euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak iaz sinatu zuten akordioari esker, unibertsitateetako 829 ikaslek 317 artikulu berri gehitu dituzte Euskarazko Wikipediara eta 716 hobetu dituzte

Wiki4.jpg

2018.eko ekainak 27

  • Bingen Zupiria sailburuak azaldu duenez, hitzarmen horren baitan sustatu diren lehiaketa ezberdinen bidez beste 817 artikulu berri gehitu dira.
  • 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzako funtsezkotzat hartu diren artikuluen luzera % 24 hazi da iaz sinatu zen akordioari esker.
  • Txikipedia proiektua ere sortu da euskal wikilariei esker, 8-13 urte bitarteko umeentzako entziklopedia aitzindari bat.

 

Donostia, 2018/06/27       

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak iaz sinatu zuten akordioari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako 829 ikaslek 317 artikulu berri gehitu dituzte azken ikasturtean Euskarazko Wikipediara eta, halaber, beste 716 artikulu hobetu dituzte. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak prozesu honen berri eman du gaur goizean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campusean izandako prentsaurreko batean. Unibertsitate publikoa, hain zuzen ere, protagonista izan da dinamika honetan eta lan gehiena  fakultate honetako ikasleek egin dute (parte hartu duten ikasleen % 94 EHUkoak dira). Hitzarmen honen baitan, halaber, 817 artikulu berri gehitu dira antolatu diren lehiaketen bidez, eta 8-13 urte bitarteko haurrentzako Txikipedia ekimena sortu da.

Zupiria sailburuarekin batera izan dira Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta, EHUko Euskara errektoreorde Jon Zarate eta, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen izenean, Galder Gonzalez eta Edurne Agirre elkarteko kideak. “Munduan gehien irakurtzen den entziklopedia da Wikipedia eta hedapen harrigarria dauka euskal gizartean. Egunero-egunero 70.000 euskarazko artikulu irekitzen dira euskaldunon tablet, mugikor edota ordenagailuetan. Hori dela eta, funtsezkoa da eduki anitza izatea, kalitatezkoa eta zehatza”, adierazi du Zupiriak.

Sortu edo hobetu diren artikulu askok lotura zuzena dute iaz sinaturiko akordioari esker abian jarri zen ‘Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat’ proiektuarekin, hitzarmenaren ardatza. Ekimen honen jatorrian ‘Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda’ eta antzeko nazioarteko proiektuak daude. “Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela, eta arloz arlo zehazten joan gara. 1.710 artikulu daude zerrendan, eremu guztietakoak. Ikasturtearen hasieratik, unibertsitateetako ikasleekin batera eta beste bide batzuen bitartez, ehunka artikulu berri egin dira edo hobetu dira; horietako asko zerrenda horretan dauden gaiak dira eta beste askok lotura zuzena dute zerrendan dauden gaiekin”, azaldu du Galder Gonzalezek.

Horrela, momentu honetan 1.710 artikulu horietatik 264 egiteke daude eta 781 laburrak dira (5.000 byte baino gutxiago). “Akordioa 2019ko abendura arte luzatuko da, eta epe horretan egin gabe daudenak burutu beharko ditugu, laburrak diren asko luzatzen saiatuko gara eta gainontzekoak ere hobetzeko ahalegina egingo dugu, beti baitago hobetzeko tartea. Horrez gain, 1.710 gai horiekin erlazionatutako gaiak ere gehituko ditugu”, azaldu du Zupiriak. Adierazi duenez, zerrenda horren baitako 1.710 artikuluen luzera, batez beste, % 24 hazi da azken urtean zehar. 

Unibertsitatearen parte-hartzea

Proiektu hau burutzeko eta helburuak betetzeko, metodologia zehatz bat sustatu da 2017-2018 ikasturtean zehar. Lehendabiziko pausoa egin beharreko lan guztia argitaratzeko lekua prestatzea izan zen. Horretarako, ‘Hezkuntza Ataria’ izeneko gunea sortu zen. Atari dinamiko honek 1.710 artikuluen zerrendarako sarbide erraza eskaintzen du, baita lehiaketen jarraipenerako banerra, ikasleentzako baliabideak eta egiten ari diren proiektuen jarraipen loturak ere. Sortu zenez geroztik 7.000 bisitatik gora jaso ditu.

Euskarazko Wikipedia elikatzeko prozesuan parte hartzen zuten lagunei bidea errazteko asmoz, tutorialak eta esku-orriak ere euskaratu dira. Laguntza orrialdeak ere gaurkotu dira, editatzen ikastea errazagoa izan zedin. Ekimenaren nondik norakoak azaltzeko, proiektuaren dinamizatzaileek 46 ikastaro eman dituzte fakultate ezberdinetan 2017-2018 ikasturtean.

Unibertsitateekin batera egin edo hobetu diren lan gehienak UPV/EHUko ikasleen parte-hartzeari esker egin dira. Gutxienez 829 ikaslek hartu dute parte (askok talde-lana egin dutenez, ziurrenik gehiago izan dira), eta egin edo hobetu diren 1.033 artikulu horien bitartez (317 egin eta 716 hobetu) milioi bat hitz baino gehiago gehitu dira Euskarazko Wikipediara. Artikulu horiek 256.000 ikustaldi izan dituzte sei hilabetetan eta 330 irudi berri ere gehitu zaizkie.

Prozesu honetan parte hartu duten ikasle gehienak unibertsitateko laugarren mailan daude (% 52,6), eta beste % 21,1 hirugarren mailan dago. Ikasleen % 85 baino gehiagok balorazio ‘ona’ edo ‘oso ona’ egin du ariketa honetaz, eta guztien % 94,7k errepikatzeko prest daudela esan dute.

Lehiaketen bitartez

Euskarazko Wikipedia hobetzeko asmoz, eta Euskal Wikilarien Elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin sinatu zuen akordioaren baitan, aurten beste ekimen bat jarri da martxan: hilabeteko lehiaketa. Ekimen horren bitartez wikilari berriak lortu dira gutxi garatutako gaiei hel ziezaieten; hala nola, Afrikako historia, elikadura, emakumeen historia edo giza sexualitatea. Parte hartu duten wikilarien artean sariak zozketatu dira, eta emaitza bikainak lortu dira. Dinamika honen bitartez 817 artikulu berri sortu dira, 275.868 hitz eta 1.405 irudi berri gehituz, eta 4.047 erreferentzia sortuz.

Txikipedia

2018-2019 ikasturtean zehar sustatu den beste proiektu nagusietako bat Txikipedia ekimen aitzindaria izan da, 8-13 urte bitarteko umeentzako Euskarazko Wikipediaren baitako bertsio bat. Hasiera batean helburua zen 8-13 urte bitarteko haurrentzat Frantzian sortutako Vikidia sustatzea, baina horrek zenbait arazo zekartzan (ezezaguna zen, zailtasun teknikoak zituen…). Testuinguru horretan sortu zen Txikipedia sustatzeko ideia. Haurrentzako entziklopedia honek lotura zuzena du Euskarazko Wikipediarekin eta Norvegiako wikilariek proiektua sustatzen lagundu dute. Gaur, entziklopedia honek umeentzako moldaturiko 1.070 artikulu ditu, eta 13.300 bisita izan ditu sortu zenetik. Gainera, euskara aitzindaria izan da proiektu hau garatzen.

Bestelako proiektuak

Proiektu hauetaz gain, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bestelako elkarlanak ere sustatu ditu 2017-2018 ikasturtean zehar. Elhuyar Fundazioarekin batera sustatutako lankidetzari esker, Zientzia eta Teknologia Hiztegiko (ZTH) 6.600 deskribapen eta definizio igo ditu Wikidatara, eta beste 20.000 inguru igotzeko aukera izango du etorkizunean. “Definizio hauei esker, mugikorretik egindako sareko bilaketetan euskarazko azalpen txukuna jasoko dugu lehen begiratu batean. Luzera begira, itzultzaile automatikoei terminologia egokia jasotzen lagunduko diegu, geroz eta gehiago erabiltzen dutelako Wikidata zein Wikipedia terminoak itzultzeko garaian”, azaldu dute Euskal Wikilarien Kultura Elkartetik.

Susa argitaletxearekin ere lankidetza bat abian jarri da. Helburua da, batetik, euskal literaturari lotuta egon behar diren funtsezko artikuluak zehaztea, eta, bestetik, Armiarmako datu baseak eta Wikidata koordinatzea. Bigarren bide horren bitartez euskarazko idazleen biografiak hobetu, literaturari buruzko informazioa gaurkotu eta ikerketa interesgarriak egiteko bideak irekiko dira. Donostiako liburuzainak ere lanean ari dira literatura unibertsalari dagokion eremua hobetzeko. Halaber, Berria egunkariarekin adostutako akordio baten bitartez historia osoan zehar egin dituzten infografiak Wikimedia Commonsera igoko dira. Akordio horri esker, 16.000 infografia baino gehiago kontsultatu ahal izango dituzte erabiltzaileek.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko lagunek Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) ere lankidetza sustatuko dute. Alde batetik Udako Ikastaroetan hiru saiotan hartuko dute parte. Bestetik, historiako liburuetako hainbat pasarte askatzeko elkarlana abiatu da, Wikiteka bat sortzeko proiektua osatzeko bidean. Azkenik, Jone Uria bertsolariari esker abian da matematikari buruzko hainbat definizio bertsotan emateko ekimen bitxi bezain interesgarria. Bideo moduan txertatuko dira bertsoak, dagozkien artikuluetan.

Ikasturte berria

2018-2019 ikasturteari begira, helburuetako bat horrelako lankidetzei eta sortuko diren berriei ekitea izango da. Esate baterako, ahotsak.eus webguneko edukia Wikipediara igotzeko asmoa ere badago. Webgune horretan 300 udalerri baino gehiagotan grabatutako euskararen laginak jasota daude, 50.000 bideo ezberdinetan. Helburua da 300 herri horietako euskararen lagin bat hartu eta dagokion herriko artikulura igotzea, tokiko aldaeraren inguruko informazio osagarriarekin batera.

Bestalde, aurten egindako lan guztia zabaldu eta egonkortu nahi da. Datorren ikasturteari begira ekarpen berriak jaso nahi dira, eta bereziki beharrezkoa ikusten da historiari eta soziologiari buruzko gaiak lantzea. Horrez gain, Bigarren Hezkuntzako ikastegietara heltzeko ahalegin berezia egingo da, aurten landutako materialak baliatuz.

Euskarazko Wikipedia gaur

Euskarazko Wikipediak 294.000 artikulu ditu gaur egun eta 25.895.000 artikulu irakurtzen dira urtero (egunero 70.000 euskarazko artikulu irekitzen dira). Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen artean akordioa sinatu zenetik 12.410 artikulu berri sortu dira, horietako asko lankidetza honek ahalbidetu dituen bideei esker. Akordioa hiru urtekoa da (2017-2019) eta Eusko Jaurlaritza 200.000 euro inbertitzen ari da urte bakoitzean Euskarazko Wikipedia hobetzeko.

Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia, eta mundu zabaleko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Artikulu gehien dituzten hizkuntzen artean 31. postuan dago euskara, iaz zegoen postu berean. Hala ere, kalitateari dagokienez hiru postu igo ditu eta 52. postuan dago gaur egun.

 

 

 
Euskadi, auzolana